Eguberrietako oporrei ongietorri eman eta 2018 urtea behar bezala agurtzeko, goizean goizetik ospakizunetan murgilduta ibili dira Mendaur DBHIko ikasle-irakasleak.
Honela, gelak txukundu ostean, truke azokako material guztia jantokian erakusgarri paratu dute. Azokari hasiera eman aurretik, ordea, gabon kantak abestu dituzte txirula, kitarra eta perkusioaz lagundurik; baita Ilazki Cruzi Gabonetako postal lehiaketako saria eman ere.
Orduan bai, urteroko truke azoka arrakastatsuaren “ateak” zabaldu dira. Jakina denez, aurretik ekarritako bigarren eskuko arropa, eskola edota jolas materialaren truke, ikasle nahiz irakasleek balio jakineko bonoak eskuratzen dituzte. Bono horiekin, gaur gustoko dituzten beste gauzak lortu ahal izan dira. Esan beharra da trukatu ez den material guztia Malerrekako Gizarte Zerbitzuetara bideratuko dela.
Jarraian, batzuk partxis, xake, musean, futbito edota pilotan aritzen ziren bitartean, beste taldetxo bat Doneztebeko kaleetan barna euskal kanta herrikoiak kantatzera atera da; Suma supermerkatuan, Eliza, Udaletxean edota Titi taberna bezalako lekuetan geldialdiak eginez.
Egun berezi honi bukaera emateko, 4. mailako ikasleek eta Guraso Elkarteak jan-edatekoa eskaini diete guztiei. Sabelak beteta, azkenik, ikastetxeari agur esan, urte berri ona elkarri opa eta merezitako opor luze hauei hasiera eman diegu.
Zorionak eta urte berri on guztiei!
Utzi erantzuna