[slideshow_deploy id=’2716′]
Indarkeria matxistaren aurkako narrazioetan murgildu dira ikasleak
“Zer eginen zenuke zure inguruko norbaiti bikotekideak tratu txarrak eragiten dizkiola jakinen bazenu?”. Honako galdera ardatz hartuta, Doneztebeko liburutegiak Indarkeria matxistaren aurkako I. ipuin lehiaketa antolatu du. Eta berau bultzatu eta indarkeria matxista fikzio hutsean geratu behar duela aldarrikatzeko, ikastetxeak ikasle guztiak bertan parte hartzera animatu ditu. Izan ere, antolatzaileek deitutako bi kategorietako bat DBHko ikasleei espreski zuzendua dago.
Lehiaketara gazteleraz nahiz euskarazko narrazioak aurkeztu daitezke. Hartara, ikastetxeko Euskara nahiz Gaztelera mintegiak dira ekimen hau laguntzen ari direnak.
[Read more…] about Indarkeria matxistaren aurkako narrazioetan murgildu dira ikasleak
Ilazki Cruzek irabazi du aurtengo postal lehiaketa
Bozken %15,5arekin, 3. DBHko ikasle den Ilazki Cruzek aurkeztutako irudia suertatu da aurtengo Eguberrietako postal lehiaketako irabazlea.
Mendaur DBHIko ikasle-irakasleek saritutako marrazki honek, kolore eta kontzeptu kontrastearekin jokatzen du, eta melankonia eta misterioa transmititzen ditu. Akaso atzean utziko dugun urteak emandakoaren oroitzapenak, baina aurrera begirakoak pizten duen jakinminak ere eragindakoak.
Izanak izan, 2019 urte oparo bezain zoriontsua opa dizuegu den-denei.
Eguberrietako postal lehiaketako saria eskuratzeko 14 lan finalista aukeratu dira
[slideshow_deploy id=’2655′]
2019 egutegia apainduko duen irudia aukeratzeko Eguberrietako postal lehiaketa antolatu du Mendaur DBHIk beste urte batez. Aurkeztutako hamarnaka lanetatik Plastika irakasleak 14 finalistak aukeratu ditu, eta hauek izanen dira 30€ko erosketa bonoarengatik lehiatuko direnak.
Zehazki, ikasle-irakasleak izanen dira marrazki irabazlea aukeratuko dutenak, posta elektronikoz bidali zaien galdetegian bozka emateko aukera baitute.
Ehundik gora dira jada jaso diren bozkak, eta momentuz emaitzak 3-4 marrazkiren artean nahiko berdinduak daude. Oraindik bozka eman ez dutenak, beraz, galdetegia erantzutera animatu nahi ditugu euren iritzia erabakigarria izanen baita.
Emaitza laster argitaratuko dugu hementxe berean.
Musika, kirola eta elkartasuna izanen dira urteko azken klase eguneko protagonistak
Urtero bezala, Mendaur ikastetxeak egitarau berezia prestatu du urteko azken eskola egunerako.
Honela, heldu den abenduaren 20an, ostirala, ikasleek egunari ikasgeletan emanen diote hasiera. Bertan tutoreekin bildu, gelak txukundu eta talde batzuk lagun ikusezinaren opariak ere elkar trukatuko dituzte. Ondoren, ikastetxeko jangelan gabon kantak abestu eta Eguberrietako postal lehiaketako sari banaketa burutuko da.
Ohiturari jarraiki, aurten ere elkartruke azoka antolatu du institutuak. Zehazki, 10:30etan emanen zaio hasiera ikasle-irakasleek euren etxetatik ekarritako gauzez osatutako azokari. Zentzu honetan, esan beharra da ikasleek gaurdanik ekartzen ahal dituztela egoera onean dauden baina ibiltzen ez dituzten arropa, liburu, joko eta bestelakoak. Ekartzen duten objektu bakoitzeko, truke azokan erabiltzeko txartelak eskuratuko dituzte. Eta urtero legez, trukatzen ez den material guztia Malerrekako Mankomunitateko Zerbitzu Sozialen esku utziko da.
11:00etan xake, mus eta partxis txapelketak hasiko dira jantokian; baita pilota eta futbitokoak kanpoaldean ere. Ordu berean Doneztebeko kaleetan barnako kantu jira abiatuko da trikitixa eta panderoaren soinuaz lagunduta.
Egun berezi honi amaiera emateko, Guraso Elkartearen eta 4. DBHko ikasleen kolaborazioari esker, ikasle guztiei pintxo bat banatuko zaie 12:00ak aldean. Eta 12:30etan ikasleak etxera itzuliko dira.
Mendaur institutuak drogen kontsumoaren gaineko prebentzio programa bat abian jarriko du
Ilundain Haritz Berri Fundazioaren gidaritzapean, Mendaur ikastetxeak ‘Drogarik gabeko heziketa: kontsumoen prebentzioa eta esku-hartzea’ programari ekin dio. Droga kontsumoaren prebentzioa lantzeko ekimen hau, hurrengo bi ikasturtetan landuko da DBHko 1.mailan.
Programa aitzinera eraman ahal izateko lantalde bat sortu da ikastetxean; bertako zuzendaria, ikasketa burua eta mailako tutoreez gain, arloko profesionalez ere osatua dagoena. Edonola, ekimen honek emaitza positiboa izan dezan, ezinbestekoa da familien partehartzea.
Horrenbestez, familia-ikastetxearen arteko zuzeneko komunikazio bideak ezartzeaz gain, zenbait ekintzetan gurasoen partehartzea ere eskatu da.
Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko urteroko hitzorduari ez dio huts egin ikastetxeak
Aurten azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna, igandean eroriko denez, eskualdeko hainbat eragilek gaurko deituta zuten deialdiarekin bat egin du Mendaur institutuak.
Honela, azken urtetan bezala, eguerdiko 12:ooetan, ikasle-irakasleak ikastetxe pareko biribilgunean bildu gara, emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatu eta bortizkeria matxistarekin behingoz bukatu behar dugula argi eta ozen esateko.
Zentzu honetan, elkarretaratzera bertaratutakoek ekimen honen deialdien komunikatuak aditu ondotik, Iturengo ikasle talde batek duela pare bat urte idatziriko bertsoak kantatu dituzte.
Gure aldetik, bertsook dioten bezala, aurtengoa emakumeen aurkako bortizkeria salatzera atera behar dugun azken aldia izan dadin nahi genuke; eta horretarako gure aletxoa jartzeko konpromisoari eutsi eginen diogu.
Ikastetxea lehen Wikilehiaketan saritua izan da
Mendaur institutuko 3. DBHko ikasle talde batek, Mikel Lakasta irakaslearen koordinaziopean, azaroaren 6 eta 7 bitartean Iruñeko Baluarte Batzar Jauregian burutu diren ‘Sarean Euskaraz’ jardunaldien baitan antolatutako I. Wikilehiaketako lehen saria lortu du.
Saritua izan den testua, zehazki, Naroa López, Unai Oslé, Eneko Maylin, Aimar Iribarren eta Oier Rodríguezek sinatutako ‘Lehen sektorea’ artikulua izan da.
Ikasle-irakasleak, iragan azaroaren 6an, saria pozarren jaso zuten Isabel Elizalde, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariaren eskutik.
Agur hunkigarria eman diogu Onekari
Iragan urriaren 24ean agur ekitaldi hunkigarria egin genion Oneka Auzmendi gure lankide zenari.
Horrela, goizeko 12:30etarako ikastetxeko ikasle eta irakasle guztiak frontoi ondoko belardian bildu ginen, Onekaren senide eta lagunetako batzuk ere gure artean zirela.
Ekitaldiari ikastetxeko bi irakasleren artean idatzitako olerki batekin eman zitzaion hasiera. Bertsook bizitzari gorazarre egiten zioten, baita Atungo gazteak ikastetxera ekarritako bizipoza azpimarratu ere. Jarraian, 4. mailako Olatz Mutuberriak, bere ikaskideetako batzuen kitarra doinuez lagunduta, beste olerki bat irakurri zuen.
Ikasle eta irakasle guztien txanda heldu zen ondotik. Izan ere, institutuko beste irakasle batek idatzitako bertsoak elkarrekin kantatu baikenituen.
Urriaren 24an azken agurra emanen diogu Oneka Auzmendiri
Heldu den urriaren 24an, asteazkena, berriki zendu zen Oneka Auzmendi lankideari azken agurra emanen dio Mendaur ikastetxeak.
Gogoratu beharra da, irailaren 13an Matematiketako eskolak ematera ikastetxera zetorrela, Onekak heriotza eragin zion istripua jasan zuela.
Omenaldia 12:30etan hasiko da, eta bere xumetasunean Onekak gurean utzitako arrastoaren isla izan nahiko luke. Horretan ari dira, behintzat, ikasle nahiz irakasleak beren ahalegina eta maitasuna jartzen.
Esan gabe doa, Mendaur DBHIko hezkuntza komunitatea osatzen duzuen pertsona oro ekitaldi honetara gonbidatuak zaudetela.