Aurreneko ebaluazioa akituta, eta Eguberrietako oporrak ate joka ditugun honetan, urteko azken klase eguneko ekitaldiak prestatzen hasiak gara Mendaur Institutoan. Ekintza horien artean, urteetako tradizioa dutenak egonen dira, eta berritzaileagoak diren beste batzuk ere bai.
Lehenengoen artean, DBHko 4. mailako ikasleek burutuko duten Gymkana edota Malerrekako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuekin antolatutako truke azoka egonen dira. Azken honetara, ikasle nahiz irakasleek bigarren eskuko arropa, eskola edota jolas materiala ekar dezakete, ordainean balio jakineko bonoak eskuratuz. Bono horiekin, gerora, abenduaren 22an, gustoko dituzten beste gauzak “erosiko” dituzte. Azoka behin itxita, trukatzen ez den material guztia Gizarte Zerbitzuetara bideratuko da.
Ikasturte honek, ordea, berrikuntza zenbait ekarriko ditu urteko azken egun horri begira. Zentzu honetan, abenduaren 22an, ikasle eta irakasleak Doneztebeko kaleetan barna euskal kanta herrikoiak kantatzera aterako gara. Entseguak hasiak dira jada! Aurretik, bullyingaren arazoaz kontzientzia hartzeko, horren modan dagoen mannequin challenge edo manikiaren erronka berezi bat antolatuko dugu.
Helburua, urteari hezigarria eta dibertigarria izan daitekeen amaiera jartzea da. Beraz, denak gonbidatuta zaudete!
Utzi erantzuna