2018/2019 ikasturteko azken bi asteak bereziak izan dira Mendaur institutuan. Izan ere, ikasleak ikasgai bakoitzean lortutako emaitzaren arabera taldekatze berriak izan dituzte.
Honela, ekainaren 3-14 bitarteko egunetan ordutegiak bi norabidetan antolatu dira: ikasgairen bat gainditu gabe zuten ikasleek ikasgai hori indartzeari begirako berreskurapen klaseak jaso dituzte. Eta suspentsorik ez zutenei berriz, sakontze klaseak zein bestelako ekintza osagarriak eskaini zaizkie.
[slideshow_deploy id=’3037′]
Zentzu honetan, ekainaren 4an, ikasle-irakasleak erreka garbitzen aritu ziren auzolanean. Ekainaren 5ean, 1. eta 2. DBHko neskek EQUALA erakundearen eskutik emakumeen ahalduntzeari buruzko tailer batean parte hartu zuten. Ekainaren 8an, Errekaren Bideari jarraiki, Zubietara joan ziren oinez. Ekainaren 11an, hip-hop master class batez gozatu zuten Rebeca dantza akademiako arduradunak gidatuta. Jarraian, Sunbilla aldera abiatu ziren txirrindulan Bide Berdetik.
Ekainaren 12an, heziketa afektibo sexualaren gaineko solasaldi interesgarri bat jaso zuten 4. DBHko ikasleek. Eta maila horretako nahiz 3. DBHko neskek Autodefentsa Feminista tailer batean parte hartu zuten. Mutilezkoek, euren aldetik, Emagin elkarteko ordezkariarekin batera maskulinitate eredu alternatiboen inguruan hausnartzeko aukera izan zuten.
Ekainaren 14an, ikastetxeko irakasle eta sexologoa den Dorleta Peñak, 4. DBHko ikasleei heziketa afektibo sexualari buruzko beste hitzaldi bat eskaini zien. Ordu horretarako, beste ikasle talde batek Askin mendirako igoera abiatua zuen jada.
Akitzeko, ikasturteko azken klase egunean, 4. DBHko ikaskideen despedida ekitaldiaren ondotik, ikasle guztiek Doneztebeko piszinarako sarbide librea izan zuten.
Oro bat, ekintza hauetan guztietan ikasleen partehartzea oso handia izan ez bada ere, balantzea positiboa dela esan dezakegu; bertan aritutakoak, maila ezberdinetako ikasleekin nahiz irakasleekin, akademikoa ez den beste testuinguru batzuetan elkarrekintzan arras gustora ibili baitira.
Goian, ekaineko bi aste hauek utzitako argazkietako batzuk.
Utzi erantzuna