Iragan urriaren 11an, agur xume bezain polita egin zitzaion berriki zendu zen Unai Mutuberria ikastetxeko ikasleari.
Ekitaldia, eguerdiko 12:00etan hasi zen ikastetxeko frontoiaren ondoko belazean, Bihotz Unanuaren hitzekin, zeinak Unaiek gurean utzitako arrastoa azpimarratu nahi izan zuen. Jarraian, Mendaurreko ikasleen izenean, Nahia Ganboak Unairi zuzendutako testu bat irakurri zuen.
Saldiaseko gaztearen ikaskideek eurak idatzitako bertsoak kantatu zituzten gero. Haiek, Unai betiko ikastetxeko parte izanen dela adierazi nahi izan zioten familiari: “Zutaz oroitzen garen bakoitzan, ezin solasari ekin, sentimenduak adieraziko, ditugu guk bertsoekin, elkarturik bai gaude kantatzen, zure adiskideekin, nahiz (e)ta zu orain hemen ez egon, bihotzin beti gurekin”.
Musikaren doinuak itzalita, 2. DBHko ikasleek loreak eta beste hainbat oroigarri eskaini zizkioten Unairen gurasoei. Ondoren, bi ikaslek -beste ikasle eta irakasle askoren laguntzarekin- Euskal Herrian sinbolismo handia duen zuhaitza landatu zuten Unairen omenez: hagin bat.
Ekitaldiari amaiera emateko, 2. DBHko ikasleek Mutuberria-Otermin sendiari aurreskua dantzatu zioten.
Utzi erantzuna