Ohiturari jarraiki, 2017 urteko azken eskola egunerako hainbat ekintza antolatu ditu Mendaur Institutuak. Tartean, truke azoka, kantu jira, musa, mahai jolasak, eta pilota eta futbito txapelketak.
Egunari hasiera emateko, ikasleak euren tutoreekin klasean bildu dira, gelak txukundu eta lagun ikusezinaren opariak elkar trukatzeko. Jarraian, ikastetxeko jangelan gabon kantak abestu eta Eguberrietako Postal Lehiaketako irabazleei sariak banatu zaizkie.
Modu honetan, goizeko 10:00etarako truke azokari hasiera eman zaio. Esan beharra dago, aurtengoa azoka ere -ikasle eta irakasleen inplikazioari esker- erabat arrakastatsua izan dela. Arropa, liburu, jostailu… Ehunka dira, norberak ekarritako gauzen ordez lortutako txartelekin, bertan eskuratu ahal izan diren produktuak. Urtero legez, sobran geratutako material guztia Malerrekako Mankomunitateko Zerbitzu Sozialen esku utziko da.
Eta batzuek truke azokan “feriatzen” zuten bitartean, besteak xake, mus edota partxisean aritu dira. Gero, 11:00ak aldean, ikasle eta irakasle talde bat Doneztebeko kaleetan barna kantuan ibili da trikitixen doinuaz lagunduta.
Bitartean, kiroldegian futbito eta frontoian pilota txapelketak ospatu dira. Eta egun berezi honi amaiera emateko, Guraso elkarteak eta 4. DBHko ikasleen kolaborazioari esker, ikasle guztiei tortilla pintxoak banatu zaizkie.
Honekin bai, argi-ilunak izan dituen 2017 urte honi akabera eman diogu; aurtengo postalak dioen bezala, joandakoak gogoan eta etorriko direnak beso zabalik hartzeko prest. Eguberri zoriontsuak, eta urte berri on!
Utzi erantzuna