Hemen uzten dizuegu 2016/2017 ikasturteari dagokion eskola egutegia. Ohartuko zaretenez, Klaustroak proposatu eta Eskola Kontseiluak onartu egutegiak urrian zubi bat aurreikusten du, urriaren 31an jai eguna ezarriz. Urtero legez, Doneztebeko ferien egunean ere jai izanen dugu, baita Ituren eta Zubietako iñauteen astelehen eta asteartean ere. Horrekin batera, Doneztebeko iñauteen hasiera eguneko ostirala eta hurrengo astelehen eta asteartean ere ikastetxea itxita egonen da.
2016/2017 ikasturteari ongietorria
2016/2017 ikasturteak hainbat berrikuntza ekarriko ditu Mendaur Institutora. Aldaketa horietako batzuk hezkuntza komunitatearen eskutik helduko zaizkigu. Besteak, aldiz, hezkuntza erakunde ezberdinen erabakien ondorio dira; tartean, hezkuntza komunitate horren beraren erantzuna eta oposizioa jaso duten batzuk (LOMCE, jantokien kudeaketa…).
Lehenengoen artean, ikastetxearen egitura antolatzaileari dagokion berrikuntza bat nabarmendu behar genuke; hots, zuzendaritza taldearen aldaketa. Zentzu honetan, kudeaketa talde berriak aurrekoaren ibilbideari segida ematea du helburu; eta Martinek, Agurtzanek eta Mirarik egindako lanarengatik ere bere eskertza eta aitortza adierazi nahi du. Bigarrenen artean, aipatzekoa da eskola egutegian emandako aldaketa zeinaren ondorioz iraileko azterketa deialdia desagertzen den, edota Dibertsifikazio Kurrikularreko taldearen desagerpena eta PMARekoaren sorkuntza.