[slideshow_deploy id=’1454′]
Mendaur Institutoko ikasleek berdintasuna aldarrikatu dute Doneztebeko kaleetan barna
Nazioarteko Emakumearen Egunaren harira, gaur Mendaur Institutoko ikasle eta irakasleek gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko aldarrikapena Doneztebeko kaleetan barna zabaldu dute.
Eguerdiko 12:00etan, “Martxoak 8, berdintasuna. Ez dezagun atzera egin. Ez dugu jaberik nahi” zioen pankarta eskutan hartuta, ikasleak ikastetxetik abiatu dira. Ordurako, San Miguel eskolako txikiak kaleetan zain zituzten, beren txalo eta animo oihuekin giroa ederki berotu dutelarik.
Honela, 12:15ak aldera ikastetxeak antolatu ‘Lilasterketa’ri hasiera eman zaio. Santa Luzia plazatik abiatu den berdintasunaren aldeko lasterketa honetan, 200dik gora ikasle eta irakaslek parte hartu dute. Aipagarria da, ikasle guztiek eredu duten emakume baten argazkia soinean zeramatela. Lasterketa akituta, denek egunotan entsaiatutako flashmoba dantzatzeari ekin diote. Goizeko ekitaldiei akabera emateko, Malerrekako Mankomunitateko ordezkari batek, martxoaren 8a ospatzeko beharra azpimarratu du bertako erakundeen izenean irakurritako mezuan.
Martxoaren 8a, Emakumeen Eguna, modu berezian ospatuko du ikastetxeak
Martxoak 8an, Emakumenaren Nazioarteko Eguna, aldarrikapena eta ospakizuna uztartu asmoz, Mendaur Institutoko ikasle nahiz irakasleak egun berezia antolatzen ari dira.
Honela, egun horretan gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko ‘Lilasterketa’ burutuko da, eguerdiko 12:00etan Doneztebeko eliza paretik abiatuko dena. Lasterketaren ondotik, ikastetxeko ikasle eta irakasleek flashmob bat eginen dute, ekintza horretarako ikastetxean antolatzen ari diren entseguak nahiko aurreratuak daudelarik.
Bestalde, emakumeak gai izanen dituen argazki lehiaketa baterako deialdia ere egin da. Lehiaketa honen bitartez, emakumeak gure eskualdean duen rola aldarrikatu nahi da. Zentzu honetan, partehartzaileek emakumeak eguneroko bizitzan ala besta giroan islatzen dituzten irudiak aurkeztu beharko dituzte.
[Read more…] about Martxoaren 8a, Emakumeen Eguna, modu berezian ospatuko du ikastetxeak
‘Izaro’, genero estereotipoen inguruan hausnartzeko antzezlanaz gozatu dute gaur ikasleek
Gaztelera eta Orientazio Mintegien eskutik, eta Hezkuntza Departamentuko Hezkidetza atalaren laguntzarekin, gaur 1. eta 2. DBHko ikasleek Cristina Arozenak zuzendutako ‘Izaro’ antzezlana ikusteko aukera izan dute.
Ikastetxeko gimnasioan leku izan duen obra honetan, ikasleek Izaro ezagutu dute. Izaro, gizarte honetako ustezko genero roletan enkajatzen ez duen neskatiko bat da. Bakardadera kondenatua izan ondotik, nahi duena egin eta besteengandik epaitua ez izateko, gezurra esatea erabakitzen du. Bidaia horretan, adiskidetasunaren balioaz eta taldearen parte sentitzearen garrantziaz ohartuko da. Eta ingurukoak, besteenganako errespetua baloratzera bultzatuko ditu.
Argudio honekin, Cristina Arozenaren muntaiak, ikasleak beraien interes edota desio ezberdinak dituzten pertsonak errespetatu eta haiekin enpatizatzera eraman nahi ditu. Baita taldearengandik baztertua sentitzeak ekar ditzazkeen ondorio negatiboez jabetzera. Eta, nola ez, pertsona libre gisa garatzea oztopatzen diguten genero estereotipoen inguruan hausnartzera.
Presezki, gaurko antzezlanak, klasean emanen den hausnarketarekin segida izanen du.
Mendaur eta San Miguel ikastetxeek 2017ko egutegia argitaratu dute
Urte berriaren hasierarekin batera, Mendaur Institutoak eta San Miguel eskolak -bi ikastetxeetako guraso elkarteen laguntzarekin- 2017ko egutegi bat argitaratu du. Egutegi hau, urtetan ikasle eta irakasleen artean banatu izan den Eguberrietako zorion txartela ordeztera dator, 2017 urtean zehar ikastetxe bien ikasgeletako paretak apainduz.
Aurreko mezu batean adierazi bezala, egutegi honek Plastika Mintegiak urtero antolatzen duen Gabonetako postal lehiaketara aurkezturiko lan hoberenak biltzen ditu; posta elektronikoz ikasle nahiz familia guztiei bidali zaien irudi irabazlea barne.
2017 urte berriari gogotsu ekin diogu
Eguberrietako etenaldi luzearen ondotik, Mendaur Institutoko ikasle, irakasle eta gainontzeko langileak eguneroko errutinara itzuli gara.
Aurrera begira, epe motzean izanen ditugun erronken artean bigarren ebaluazioko azterketen gainditzea, Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren kanpo frogetan azken urteetako emaitza onak mantentzea, edota 4. DBHko ustezko errebalidaren prestaketa (nahiz eta ondorio akademikorik izanen ez duen) daude. Erronkak, beraz, ez dira makalak!
Oporraldi hauen ondotik lanera indarberrituta itzuli garela jakinki, urte berri honetan denok gure helburuak (akademikoak nahiz pertsonalak) lor ditzagun opatzea baina ez zaigu falta. Beraz, animo eta gogor lanera!
Eskola-jazarpenaren aurkako ‘mannequin challenge’ arrakastatsua
Duela egun batzuk jakinarazi genuen bezala, urteko azken eskola eguneko ekitaldien artean horren modan dagoen mannequin challenge bat burutu da. Delako manikiaren erronka honek, ordea, kutsu hezigarria izan du. Izan ere, ikasleek bullying edota ciberbullying egoerak antzeztu baitituzte.
Ekintza hau, ikasleek eskola jazarpenaren arazo larriaz ohar daitezen, Eguberritako oporretatik itzulita ikastetxean aurrera eramanen diren dinamiken baitan kokatzen da. Horien bitartez, ikasleek jazarpenaren mekanismoak eta ondorioak aztertu, eta bullyingaren gaian taldeak duen rolaz hausnartzeko aukera izanen dute.
Aurtengo Eguberritako postal lehiaketako txapeldunak baditugu
Beste urte batez guraso, ikasle eta irakasleak zoriontzeko asmoz, Mendaur Institutoak -bertako nahiz San Miguel eskolako guraso elkartearen laguntzarekin- Eguberritako postal lehiketa antolatu du.
Aurtengo edizioko marrazkiaren irabazlea Amaia Vértiz suertatu da, eta bertsoarena Oihana Agirre. Sari bezala, bakoitzak 30€ko erosketa balea eskuratu du, Doneztebeko Ostiz dendan liburuak edota eskola materiala har dezaten.
Aurten, ordea, berrikuntza gisa, 2017 urtean zehar bi ikastetxetako paretak apainduko duten egutegia argitaratuko da. Bertan, bi gazte hauen lanarekin batera, lehiaketara aurkeztutako marrazki hoberenak ere agertuko dira. Zentzu honetan, aipamen berezia merezi dute Ane Iparragirre, Ainhoa Arrieta, Janire Iribarren, Haizea Aioroa, June Cruz, Izaro Aldabe, Inma Ibarrola, Nahia Etxeberria, Christopher Reyes, Markel Leatxe, Aimar Ariztegi, Naroa Santesteban eta Lorena Mariñelarenaren lanek. Zorionak, beraz, denei!
Zorionak eta urte berri on!
Doneztebeko Mendaur Institutoko eta San Miguel ikastetxeko guraso elkarte, irakasle, ikasle eta gainerako langileen partetik, ZORIONAK ETA URTE BERRI ON!
Eguberriko oporrei ongietorria emateko, Doneztebeko kaleetan barna kantari ibiliko dira ikasle eta irakasleak
Aurreneko ebaluazioa akituta, eta Eguberrietako oporrak ate joka ditugun honetan, urteko azken klase eguneko ekitaldiak prestatzen hasiak gara Mendaur Institutoan. Ekintza horien artean, urteetako tradizioa dutenak egonen dira, eta berritzaileagoak diren beste batzuk ere bai.
Lehenengoen artean, DBHko 4. mailako ikasleek burutuko duten Gymkana edota Malerrekako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuekin antolatutako truke azoka egonen dira. Azken honetara, ikasle nahiz irakasleek bigarren eskuko arropa, eskola edota jolas materiala ekar dezakete, ordainean balio jakineko bonoak eskuratuz. Bono horiekin, gerora, abenduaren 22an, gustoko dituzten beste gauzak “erosiko” dituzte. Azoka behin itxita, trukatzen ez den material guztia Gizarte Zerbitzuetara bideratuko da.
Ikasturte honek, ordea, berrikuntza zenbait ekarriko ditu urteko azken egun horri begira. Zentzu honetan, abenduaren 22an, ikasle eta irakasleak Doneztebeko kaleetan barna euskal kanta herrikoiak kantatzera aterako gara. Entseguak hasiak dira jada! Aurretik, bullyingaren arazoaz kontzientzia hartzeko, horren modan dagoen mannequin challenge edo manikiaren erronka berezi bat antolatuko dugu.
Helburua, urteari hezigarria eta dibertigarria izan daitekeen amaiera jartzea da. Beraz, denak gonbidatuta zaudete!








