Iragan urriaren 11an, agur xume bezain polita egin zitzaion berriki zendu zen Unai Mutuberria ikastetxeko ikasleari.
Ekitaldia, eguerdiko 12:00etan hasi zen ikastetxeko frontoiaren ondoko belazean, Bihotz Unanuaren hitzekin, zeinak Unaiek gurean utzitako arrastoa azpimarratu nahi izan zuen. Jarraian, Mendaurreko ikasleen izenean, Nahia Ganboak Unairi zuzendutako testu bat irakurri zuen.
Saldiaseko gaztearen ikaskideek eurak idatzitako bertsoak kantatu zituzten gero. Haiek, Unai betiko ikastetxeko parte izanen dela adierazi nahi izan zioten familiari: “Zutaz oroitzen garen bakoitzan, ezin solasari ekin, sentimenduak adieraziko, ditugu guk bertsoekin, elkarturik bai gaude kantatzen, zure adiskideekin, nahiz (e)ta zu orain hemen ez egon, bihotzin beti gurekin”.
Musikaren doinuak itzalita, 2. DBHko ikasleek loreak eta beste hainbat oroigarri eskaini zizkioten Unairen gurasoei. Ondoren, bi ikaslek -beste ikasle eta irakasle askoren laguntzarekin- Euskal Herrian sinbolismo handia duen zuhaitza landatu zuten Unairen omenez: hagin bat.
Ekitaldiari amaiera emateko, 2. DBHko ikasleek Mutuberria-Otermin sendiari aurreskua dantzatu zioten.
Guraso bilera urriaren 10ean izanen da
2017/2018 ikasturte hasierako bilera heldu den urriaren 10ean burutuko da.
Zehazki, Mendaur Institutoan aurreneko aldiz seme-alabak matrikulatzen dituzten familiek, ikastetxea barrutik ezagutzeko aukera izanen dute. Horretarako, 16:00etan institutoan barnako bisita gidatua eginen da.
Jarraian, 16:30etan, jantokian, ikastetxeko zuzendaritza taldeak ikasturtearen aurkezpena eginen du. Eta akitzeko, 16:50etatik aitzin, norberak bere seme-alabaren tutorearekin dagokion ikasgelan biltzeko aukera izanen du.
Hezkuntza Departamentuak Formakuntzarako Ikastetxe izendatu du Mendaur Institutoa
Aurreko ikasturtean Mendaur Institutoak ‘Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterrerako’ ikasleen formakuntzan parte hartu zuela eta, Hezkuntza Departamentuak Formakuntza Ikastetxe izendatu du gure zentroa.
Zehazki, 3 izan ziren gure ikastetxean aipatu masterreko praktikak burutu zituzten unibertsitateko ikasleak. Gazte hauek; Gaztelera, Biologia-Geologia eta Historia-Geografiako irakasleen tutoritzari esker; Bigarren Hezkuntzako zentro batetako egunerokoa eta klase barruko dinamika lehen eskutik ezagutzeko aukera izan zuten. Eta orain, izendapen honekin, Mendaur Institutoak lan horren aitortza jaso du.
Doazela hemendik hiru gazte horiei gure etorkizunerako desiorik hoberenak!
That’s English!en izena emateko epea zabalik da
Beste urte batez, Doneztebeko Mendaur DBHI ikastetxeak That’s English! bertan hartuko du. Hezkuntza Ministeritza eta Nafar Gobernuaren arteko elkarlanaren ondorio den programa honek, Hizkuntza Eskolako Ingelerako A2, B1 eta B2 ziurtagiriak lortzeko aukera ematen du.
Matrikula, modu presentzialean ala internet bidez egin daiteke irailaren 11tik urriaren 30a bitarte. Baina, lehenengo modua aukeratzera, ostiraletan 10:00etatik 13:00etara bitarteko ordutegian soilik egin ahalko da gure ikastetxean berean.
Hemen duzue 2017/2018 ikasturteko mailaz mailako That’s Englih! ordutegia:
Informazio gehiago jakiteko sakatu hemen.
Ikasturte hasiera ostegunera atzeratu du ikastetxeak dolu seinale gisa
2017/2018 ikasturteko ikasle taldeak
2017/2018 ikasturte honetan 9 ikasle talde izanen ditugu, aurrekoan baino bat gutxiago. Izan ere, aurten PMAR taldea osatzeko behar beste ikaslerik matrikulatu ez denez, taldea desagertu baita. Edonola ere, ikasle kopurua ia-ia 2016/2017 ikasturtekoaren berdina da: 203 ikasle. Horietako hiruk, beren ikasketak Ipar Euskal Herriko ikastetxe batean burutuko dituzte.
Mailaz maila, ikasleak modu honetan antolatuko dira:
Mendaur DBHIko ikasle berriek, 1. DBHko bi talde osatuko dituzte: A eta B taldeak. Baina hizkuntza arloko ikasgaietan; baita Matematikak, Gizarte, eta Biologia-Geologia ikasgaietan ere, A eta B taldeetako zenbait ikaslek AB taldean elkartuko dira.
2. DBHkoa mailarik kopurutsuena izanen da beste ikasturte batez. Honela, A, B eta C taldeak mantenduko dira; eta hemen ere, zenbait ikasgaietarako, ABC taldekatzea sortuko da.
3. mailan, 1. mailan bezalaxe, bi talde arrunt egonen dira, eta AB bikoizketa taldea zenbait orduz. 4. DBHko ikasleak, beren aldetik, A eta B geletan taldekatuko dira.
2017/2018 ikasturteko eskola egutegia
4. DBHko ikasleen agur ekitaldi hunkigarria
Urtero legez, aurten ere 4. DBHko ikasleei agur esateko ordua iritsi zaigu. Eta urtero bezala, zapore gazi-gozoa utzi digu euren omenez egindako ekitaldia hunkigarriak. Izan ere, 4. DBHko ikasle gehien-gehienek tituloa eskuratu izanak ematen digun poza, ikasle hauei beraiei betiko agur esan beharrak sortarazten digun tristurarekin nahasten baita.
Agur ekitaldiari, goizeko 11:30etan, zuzendariaren hitzekin hasiera eman zaio. César Mendozak Mendaur DBHI ikastetxea bere ikasleek berezi egiten dutela azpimarratu nahi izan du. Eta 4. DBHko ikasleek aurten izandako jarrera goraipatu. Jarraian, ikastetxeak diseinatutako diplomen banaketari ekin zaio. Nobedade bezala, aurten 2016/2017 promozioko espediente hoberena lortu duen ikasleari, Itziar Agirreri, aipamen berezia egin zaio, baita oparitxo bat ere.
Gero, 4. DBHko ikasleei hitza hartzeko txanda heldu zaie. Hauek beren tutoreen eta bereziki ikastetxeko idazkari den Tere Arretxearen lana eta sostengua eskertu dute, eta bakoitzari lore sorta bana eman diete.
[Read more…] about 4. DBHko ikasleen agur ekitaldi hunkigarria
Ekainaren 19 eta 20ko ez-ohiko deialdiko azterketen egutegia
Ez-ohiko azterketa deialdiko egutegia argitaratu berri du Mendaur Institutoak.
Maila eta arlo bakoitzeko berreskurapen azterketak zein egun, ordu eta lekutan burutuko diren jakiteko, begiratu ondoko taula edo sakatu beheko esteka eta zure gailura deskargatu.
2016-2017 ikasturteko azken egunen gaineko oharra
Ikasle eta familien artean sortutako zalantzen aurrean, maila guztietako ikasleen klaseak heldu den ekainaren 16an akituko direla argitu nahi du Mendaur DBHIko zuzendaritza taldeak.
2016-2017 ikasturteko ohiko deialdiko notak, bere aldetik, tutoreek ekainaren 5etik aitzin banatuko dituzte. Eta ez-ohiko azterketak (lehengo irailekoak), ordea, ekainaren 19 eta 20an burutuko dira.
Hortaz, ekainaren 5-16 bitartean ikasleek ez-ohiko azterketak gainditzera begirako berreskuratze klaseak, edota aurten jasotako eduki eta helburuetan sakontzeko klaseak jasoko dituzte.
Egun hauetan familiaren batek beren seme-alabak ikastetxera bidaltzeko asmorik ez balu, egoera hau jakinaraziko duen egiaztagiria ekarri beharko du. Horretarako honako txantiloia erabili dezakezue.