Iragan urriaren 24ean agur ekitaldi hunkigarria egin genion Oneka Auzmendi gure lankide zenari.
Horrela, goizeko 12:30etarako ikastetxeko ikasle eta irakasle guztiak frontoi ondoko belardian bildu ginen, Onekaren senide eta lagunetako batzuk ere gure artean zirela.
Ekitaldiari ikastetxeko bi irakasleren artean idatzitako olerki batekin eman zitzaion hasiera. Bertsook bizitzari gorazarre egiten zioten, baita Atungo gazteak ikastetxera ekarritako bizipoza azpimarratu ere. Jarraian, 4. mailako Olatz Mutuberriak, bere ikaskideetako batzuen kitarra doinuez lagunduta, beste olerki bat irakurri zuen.
Ikasle eta irakasle guztien txanda heldu zen ondotik. Izan ere, institutuko beste irakasle batek idatzitako bertsoak elkarrekin kantatu baikenituen.
Azal xuri ezpain gorri,
bizi pozaren egarri,
zoriontasun handia zendun
Mendaurra ekarri.
Bizi nahiaren aldarri,
zitzaizun zuri igerri.
Zoardiaren argitasuna,
bai distiragarri.
Zure solasa(r)i arreta
jartzen genion tarteka,
belarrientzat haize-hegoan
pareko fereka.
Nafar erregina eta
Ataun gaineko zepa,
oharkabean aberats egin
gaituzu Oneka.
Ekitaldi xume honi amaiera jartzeko, ikasle batzuk 2017an zendutako Unai Mutuberria ikaslearen omenezko zuhaixkaren ondoan gorosti bat landatzen zuten bitartean, beste talde batek aurreskua dantzatu zion Onekari txistuaren doinua ikastetxean barna zabalduz.
Orotara, maitasunez beteriko ekitaldi xume eta goxoa izan zedin saiatu ginen denok, gure lankidearen senide eta lagunei dolu une hauek samurrago pasatzen lagundu asmo izan zuena.
Utzi erantzuna