[slideshow_deploy id=’2109′]
Heldu den ikasturteari begirako guraso bilerak martxoaren 20an burutuko dira
Laster 2018/2019 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina hasiko dela eta, Mendaur DBHI ikastetxean guraso bilerak burutuko dira. Zehazki martxoaren 20an, asteartearekin, institutuko liburutegian izanen dira honako ordutegiotan:
- DBH: 16:15etan.
- DBH: 17:30etan.
- DBH: 18:00etan.
- DBH: 18:30etan.
Bertan, ikasleek dituzten matrikulazio aukera ezberdinak aztertuko dira (aukeragaiak, ibilbideak…); eta horretarako, zuzendaritza taldeaz eta orientatzaileaz gain, ikasgai horietako arduradunetako batzuk ere azalpenak emanen dituzte.
Berdintasuna inoiz baino ozenago aldarrikatu da Donezteben
2018ko Emakumenaren Nazioarteko Eguna, istorikotzat jo dute askok. Gure eskualdean ere aunitz izan dira antolatutako ekitaldiak, baita M8ko greba feministarekin bat egin dutenak ere.
Mendaur ikastetxeak ere bere aletxoa jarri nahi izan du; eta, beste urte batez, ekimen ezberdinak burutu ditugu egun berezi honetan aldarrikapena eta ospakizuna uztartu asmoz.
Honela, goizeko 10:00etan, pankartak eskutan institutuko ikasle eta irakasleak kalejiran urbildu ginen Santa Luzia plazarantz, jarraian ikastetxeak antolatutako ‘Lilasterketari’ hasiera emateko.
Ondoren, ‘Denok zu’ kantaren doinuei egokitutako flashmobak denok dantzan jarri zituen. Eta goizeko ekitaldiei akabera emateko, Malerrekako Mankomunitateko ordezkari batek gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzen zuen mezua irakurri zuen.
[Read more…] about Berdintasuna inoiz baino ozenago aldarrikatu da Donezteben
Ikastetxeko klaustroak Lekarozko Institutuko Euskara Departamentuari babesa eman dio
Urtarrilaren 14n Diario de Navarran ‘Sí de adoctrina’ izenburupuean Baztango UPNko zinegotzi batek argitaratu zuen iritzi artikuluaren harira, non Lekaroz BHIko Euskara Departamentuaren aurkako akusazio larriak jaurtitzen ziren, Mendaur Institutuko irakasle taldeak Lekarozeko lankideei euren babesa eman nahi izan die.
Zentzu honetan, Doneztebeko klaustroak Lekarozko Euskara Departamentuak argitaratuko duen prentsa oharrari atxekimendua eman dio.
Prentsa oharra bere osoan irakurtzeko sakatu hemen.
Urteko azken eskola egunari agur esateko ekintza ugari antolatu ditu Mendaur Institutoak
Ohiturari jarraiki, 2017 urteko azken eskola egunerako hainbat ekintza antolatu ditu Mendaur Institutuak. Tartean, truke azoka, kantu jira, musa, mahai jolasak, eta pilota eta futbito txapelketak.
Egunari hasiera emateko, ikasleak euren tutoreekin klasean bildu dira, gelak txukundu eta lagun ikusezinaren opariak elkar trukatzeko. Jarraian, ikastetxeko jangelan gabon kantak abestu eta Eguberrietako Postal Lehiaketako irabazleei sariak banatu zaizkie.

Modu honetan, goizeko 10:00etarako truke azokari hasiera eman zaio. Esan beharra dago, aurtengoa azoka ere -ikasle eta irakasleen inplikazioari esker- erabat arrakastatsua izan dela. Arropa, liburu, jostailu… Ehunka dira, norberak ekarritako gauzen ordez lortutako txartelekin, bertan eskuratu ahal izan diren produktuak. Urtero legez, sobran geratutako material guztia Malerrekako Mankomunitateko Zerbitzu Sozialen esku utziko da.
Eta batzuek truke azokan “feriatzen” zuten bitartean, besteak xake, mus edota partxisean aritu dira. Gero, 11:00ak aldean, ikasle eta irakasle talde bat Doneztebeko kaleetan barna kantuan ibili da trikitixen doinuaz lagunduta.
Bitartean, kiroldegian futbito eta frontoian pilota txapelketak ospatu dira. Eta egun berezi honi amaiera emateko, Guraso elkarteak eta 4. DBHko ikasleen kolaborazioari esker, ikasle guztiei tortilla pintxoak banatu zaizkie.
Honekin bai, argi-ilunak izan dituen 2017 urte honi akabera eman diogu; aurtengo postalak dioen bezala, joandakoak gogoan eta etorriko direnak beso zabalik hartzeko prest. Eguberri zoriontsuak, eta urte berri on!
Anne Etxartek eta Ekhiñe Etxarrik irabazi dute aurtengo Gabonetako postal lehiaketa
3. DBHko Anne Etxartek eta 2. mailako Ekhiñe Etxarrik irabazi dute aurtengo Eguberritako Postal Lehiaketa.
Annerena, 12 irudi finalisten artetik ikasle-irakasleen bozka gehien jaso zituen irudia izan da. Zehazki, bere lanak emandako bozken %28,1a eskuratu zuen. Bigarren postuan, botoen %19,1arekin, Ainara Otxandorenaren muntaia geratu zen (11. irudia); eta hirugarren postuan, bozken %12,4arekin berdinduta, Olatz Mutuberria, Ixone Elizalde eta Janire Mikelarenaren lanak (1. eta 4. irudiak).
Hartara, Etxarterena izanen da urte berria zoriontzeko Doneztebeko Eskola Publikoak, Mendaur Institutoak eta ikastetxe bietako Guraso Elkarteek urtero egiten duten egutegia apainduko duen irudia.
Bestalde, Institutoko Euskara Mintegia eta Zuzendaritzaren erabakiz, Ekhiñe Etxarrik lehiaketara aurkeztutako bertsoak merezi izan du lehen saria.
Biek ala biek, 30€ko erosketa txartela lortu dute. Zorionak biei, eta eskerrik asko lehiketan parte hartu duten ikasle guzti-guztiei.
Baditugu Gabonetako postal lehiaketako finalistak!
Ohi den legez, aurten ere Mendaur Institutoa eta San Miguel Eskolaren sakeleko egutegia apainduko duen irudi irabazlea aukeratzeko Eguberritako postal lehiketa antolatu du gure ikastetxeak.
Ikasturte honetan, ordea, irudi irabazlea denon artean aukeratzea nahi dugu. Horretarako, Plastika irakasleak – zuzendaritzaren laguntzarekin- lehiketara aurkeztutako lan guztien artean 12 lan finalista izendatu ditu. Lan horiek guztiak ikastetxeko beheko solairuko kortxoan ikusgai jarri ditugu; eta ikasle nahiz irakasle guztiei email bitartez bozka emateko galtegia bidali dugu.
Bozka emateko azken eguna, heldu den abenduaren 5a izanen da. Egun horretan bertan, eguerdiko 12:00etan, irabazle suertatu den irudia zein izan den jakinaraziko dugu.
Animatu eta eman zure bozka!
[slideshow_deploy id=’2011′]
Bortizkeria sexistaren aurkako elkarretaratzeko argazki bilduma
[slideshow_deploy id=’1976′]
Emakumeenganako Indarkeria salatu dute Mendaur institutoko ikasle eta irakasleek
Unai Mutuberria ikasleari agur hunkigarria egin zitzaion
Iragan urriaren 11an, agur xume bezain polita egin zitzaion berriki zendu zen Unai Mutuberria ikastetxeko ikasleari.
Ekitaldia, eguerdiko 12:00etan hasi zen ikastetxeko frontoiaren ondoko belazean, Bihotz Unanuaren hitzekin, zeinak Unaiek gurean utzitako arrastoa azpimarratu nahi izan zuen. Jarraian, Mendaurreko ikasleen izenean, Nahia Ganboak Unairi zuzendutako testu bat irakurri zuen.
Saldiaseko gaztearen ikaskideek eurak idatzitako bertsoak kantatu zituzten gero. Haiek, Unai betiko ikastetxeko parte izanen dela adierazi nahi izan zioten familiari: “Zutaz oroitzen garen bakoitzan, ezin solasari ekin, sentimenduak adieraziko, ditugu guk bertsoekin, elkarturik bai gaude kantatzen, zure adiskideekin, nahiz (e)ta zu orain hemen ez egon, bihotzin beti gurekin”.
Musikaren doinuak itzalita, 2. DBHko ikasleek loreak eta beste hainbat oroigarri eskaini zizkioten Unairen gurasoei. Ondoren, bi ikaslek -beste ikasle eta irakasle askoren laguntzarekin- Euskal Herrian sinbolismo handia duen zuhaitza landatu zuten Unairen omenez: hagin bat.
Ekitaldiari amaiera emateko, 2. DBHko ikasleek Mutuberria-Otermin sendiari aurreskua dantzatu zioten.








