2018ko Emakumenaren Nazioarteko Eguna, istorikotzat jo dute askok. Gure eskualdean ere aunitz izan dira antolatutako ekitaldiak, baita M8ko greba feministarekin bat egin dutenak ere.
Mendaur ikastetxeak ere bere aletxoa jarri nahi izan du; eta, beste urte batez, ekimen ezberdinak burutu ditugu egun berezi honetan aldarrikapena eta ospakizuna uztartu asmoz.
Honela, goizeko 10:00etan, pankartak eskutan institutuko ikasle eta irakasleak kalejiran urbildu ginen Santa Luzia plazarantz, jarraian ikastetxeak antolatutako ‘Lilasterketari’ hasiera emateko.
Ondoren, ‘Denok zu’ kantaren doinuei egokitutako flashmobak denok dantzan jarri zituen. Eta goizeko ekitaldiei akabera emateko, Malerrekako Mankomunitateko ordezkari batek gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzen zuen mezua irakurri zuen.

Utzi erantzuna