Urtero bezala, Mendaur ikastetxeak egitarau berezia prestatu du urteko azken eskola egunerako.
Honela, heldu den abenduaren 20an, ostirala, ikasleek egunari ikasgeletan emanen diote hasiera. Bertan tutoreekin bildu, gelak txukundu eta talde batzuk lagun ikusezinaren opariak ere elkar trukatuko dituzte. Ondoren, ikastetxeko jangelan gabon kantak abestu eta Eguberrietako postal lehiaketako sari banaketa burutuko da.
Ohiturari jarraiki, aurten ere elkartruke azoka antolatu du institutuak. Zehazki, 10:30etan emanen zaio hasiera ikasle-irakasleek euren etxetatik ekarritako gauzez osatutako azokari. Zentzu honetan, esan beharra da ikasleek gaurdanik ekartzen ahal dituztela egoera onean dauden baina ibiltzen ez dituzten arropa, liburu, joko eta bestelakoak. Ekartzen duten objektu bakoitzeko, truke azokan erabiltzeko txartelak eskuratuko dituzte. Eta urtero legez, trukatzen ez den material guztia Malerrekako Mankomunitateko Zerbitzu Sozialen esku utziko da.
11:00etan xake, mus eta partxis txapelketak hasiko dira jantokian; baita pilota eta futbitokoak kanpoaldean ere. Ordu berean Doneztebeko kaleetan barnako kantu jira abiatuko da trikitixa eta panderoaren soinuaz lagunduta.
Egun berezi honi amaiera emateko, Guraso Elkartearen eta 4. DBHko ikasleen kolaborazioari esker, ikasle guztiei pintxo bat banatuko zaie 12:00ak aldean. Eta 12:30etan ikasleak etxera itzuliko dira.
Utzi erantzuna